Ereintza Elkartea Eskulangintza

2017an egin zen Azokaren azken edizioa. Ereintza Elkarteak amaiera eman zion etapa bati, non, erakunde publikoekin ados jarrita, haien esku utzi baititu eskulangintzaren etorkizuna eta presentzia Errenterian. Horren emaitza izan da Kultur eta Sormen Industrien Zentroa sortzea Errenterian; artisautzaren etorkizunerako ikuspegi zabalagoa izan nahi duen proiektu bat.

Azokaren sustatzaile gisa luzaroan izan da, euskal artisautzaren, tailerren eta merkatuaren bilakaeraren lekuko eta bidelagun izan gara. Ereintza Elkarteak artisautzari egindako ekarpena honako puntu hauek adieraziz laburbil dezakegu:

  • Artisautza ikusaraztea eta jendea artisautzarekiko sentsibilizatzea.
  • Artisautzaren ondare-balioaz kontzientziatzea eta, aldi berean, ekonomikoki errentagarri bihurtzea.
  • Artisautza-elkarteen arteko koordinazioa eragitea, Artiola Elkarteen Federazioaren sorrera bultzatuz, zubi lana eginaz hainbat erakunde publiko eta pribatuen aurrean.
  • Artisautzaren orainari eta etorkizunari buruzko etengabeko hausnarketa bultzatzea, sektorearen beharrak aztertzeko prestakuntza-jardunaldiak eta mahai-inguruak antolatuz.
  • Ikerketa, esperimentazioa eta diseinua sustatzea, arlo horretako ikertzaile eta adituen aholkularitzarekin.
  • Diseinatzaileen eta artisauen arteko lankidetza indartzea, XXI. mendeko gizartean artisautzak dituen aukerak zabaltzeko asmoz.

Orain, Azokaren 39 edizioetan sortutako informazio guztia biltzen duen webgune hau aurkezten da, argitaratutako programa eta katalogo etnografikoetan eta artisau-tailerren webguneetan dauden datuetan oinarrituta. Web orri honek dokumentu historiko bat izan nahi du batez ere, baina baita gaur egun bizirik dirauten tailerrei buruzko informazio iturri ere. Guzti hori, herritarren, erakundeen eta gaian interesa dutenen eskura jarri nahi da.

Eta jakintsuaren moduan, honako hau esan genezake: “Seguru asko, beste batzuek hobeto egingo zuten, baina guk egin egin dugu”. Eta gure belaunaldikoentzat hori izan da, eta izango da beti, ahalegin baten sari onena.

Errenteria, 2024ko udazkena